XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BRANDTEK JARRAITUKO AL DU...

Nobel Saria jaso zuen gizonak, honelako une txarrik pasa beharko zuenik ez zuen asko uste.

Willy Brandt jaunaren agintaritza kinka larri batetan arkitzen da.

Askoren iritziz auteskundetara jo beharko du.

Orain dela gutxi Nobel Saria jaso zuen gizonak honelako une txarrik pasatu beharko zuenik ez zuen asko uste.

Izan ere parlamentuan boto batez bakarrik dauka mayoria.

Bere lagun batzuek atzea eman diote eta beste partidura kristau demokraten partidura pasa dira.

Brandten agintaritza, denok dakigun bezala, elkarte batetan oiñarritzen da, sozial-demokrata eta liberal partiduen elkartean alegia.

Elkarte honen sendotasuna ahultzen ari da.

Diputadu batzuek aldegin dute eta besteren bat edo bi aldegiteko asmotan omen dira.

Diputadu bat bakarrak aldegitea aski da mayoria galtzeko.

Hori gertatuko balitz Brandtek auteskundetara jo beharko luke zihurrenez.

Auteskundeak irabazi bezala galdu dezazke.

RUSIAZ ETA POLONIAZ ITUNAK

Itz gutxitan esan dut Brandten agintaritzaren egoera zer eta nolakoa den.

Orain, egoera horren sustraia edo muiña aztertzea komeni zaigu.

Rusiaz eta Poloniaz egindako itunak dira egoera hau sortu dutenak.

Beste modu batetara esateko, Ostpolitik, mendebal aldeko estadu sozialistez Brandtek egin duen eta egin nahi duen politika.

Joan zen urtean Rusiaz eta Poloniaz bi itun egin zituen.

Biak berdintsuak ziren, alde aundirik ez zuten.

Itun horietan iru pundu berezi ikusi dezazkegu: 1.- Alemania federalak aitortu eta ezagutzen ditu Europako Estaduen gaur eguneko mugak.

2.- Alemaniako lurraldeetan bi estadu direla ere aitortzen du.

3.- Arazo politikoak zuzendu eta erabakitzeko indarkeria ez da bide bezala onartzen.

Zenbait irakurlerentzat, puntu hauk izenpetzea, besterik gabe, ez da beste munduko gauza izango. Aleman batentzat bai ordea.

Bigarren munduko guduaz gero Alemania bitan zatiturik arkitzen dela gogoan izan behar da, izan ere.

Bestalde Poloniak ere Rusiaren laguntzaz Alemaniaren zenbait lurralde bereganatu zituela ere ez da ahaztu behar.

Alemandar batek hau ezin dezake onartu.

Bere izatearen muiñari ikuitzen baitio.

Horregatik urteetan zehar Alemania federala bere itxitasunean jarraitu zuen.

Alemania elkartu behar zen lehenik eta gero egingo ziren egin behar ziren itun guziak.

Alemania elkartu baino lehen ez zegoen ezer egiterik mendebaleko estaduez.

Brandtek beste bidea artu zuen.

Zatiketa ez onartu arren Brandtek egoera aitortu egiten du.

Realista jokatu nahi izan du.

Negar egitea alferrik da.

Ahal dena egin behar da.

Alemania elkartzerik ez dagoela aldi luze batetan, garbi ikusten du.

Izaldi bat baino gehiagotan esan du: ez gara 45 garrengo urtean bizi 70 garrenean baizik.

Orduz gero guk ahaztu ezin dezakegun gertaera asko izan da.

Gertaera horiek gogoan izan behar ditugu aurrera jo nahi badugu behintzat.

Amets bat da Alemania elkartzea, oraingoz.

Amets horren aurka ez doa.

Baina realidadea ikusten du.

Amets hori dela eta ezin diteke etxean sartuta bizi.

Gauzei aurpegi eman behar zaie.

Brandtek itun horiek izenpetuko ditu.

Bere ustez ez du Alemaniarik saltzen.

Gehiago oraindik bere ustez gauzak normaltzeko eta elkartze bidera irixteko bidetxigor honi eltzea zen.

PARLAMENTUA - OPOSIZIOA

Berak hori ustea gauza bat da eta oso besterik Alemaniako politikoek berdin pentsatzea.

Horrelako gauza garrantzitsuetan ez da aski Estadu batetako lehendakariak izenpetzea, gero beharrezkoa izan ohi da Parlamentuak onartzea.

Brandtek daraman jokoa, une honetan, horixe da: Parlamentuaren baietza lortu.

Lortuko al du? Denek galdera berdina egiten dute.

Izan ere aseran esan dudan bezala jende asko ez dator bat Brandten jokoaz.

Eman dituen pausoak ausartak izan dira.

Bere lagun batek eta bestek bidean atzera egin dute, bide horri ezin jarraiturik.

Oposizioa ederki baliatu da eta Parlamentuan gogor egin du borroka.

Zer kritika egiten dio oposizioak? Oposizioak egiten dion kritika ez da beti berdiña.

Oposizioan barruan bada desberdintasunik.

Batetik Barzel jauna kristau demokraten buru dena eta Alemaniako lehendakari izateko asmoak dituana eta iñoiz izango dena gaiñera, eta bestetik, kristau demokrata hau ere, Strauss jauna.

Bi buruzagi hauek Brandten aurka bat egiten dute baina arrazoi desberdiñei jarraituz.

Barzel jaunaren ustez, ez da momentu egokia orain itun horiek izenpetzen asteko.

Itun horiek izenpetzea, Rusoei eta besteei amore ematea litzake.

Izenpetu baino lehen ezer ez lortzekotan umekeria bat litzake.

Orain egia da ezin diteke ezer lortu.

Momentu obeak etorriko dira.

Binbitartean egon gaitean lasai eta jarraitu dezaiogun gure bideari esango du Barzelek.

Strauss jaunaren ustez, berriz, itun horiek izenpetzea komunismoari ateak irekitzea litzake.

Rusia indartzeko, Rusiaren itzala Europan zehar aunditzeko biderik egokiena itun horiek izenpetzea da.

Itun horiek izenpetu eta ondoren Rusiak aurrera eramango du Seguridadeko Europaren elkartea osatzeko asmoa.

Rusiak Europa bere menpean ezarri nahi du, esango du Straussek, eta horretarako gu tresna bezala erabilli nahi gaitu.

Brandten politika Rusoen menpean jartzeko politika dela esanaz bukatuko du Straussek bere itzaldia.

Brandtek ez du ez zama ederra artu bere gain.

Lan ederra dauka alde batetik bere lagunak konbentzitzen eta bestetik oposizio ahultzen.

Oraingoz ez dirudi asko lortu duenik.

Dena dela Europako estadu gehienak bere alde ditu.

Munduko estadu aurreratuenak bat datoz Brandten politikaz.

Brandt laguntza horretaz baliatzen da, eta esan ere esan du eztabaida batetan: Europako eta Ipar Amerikako buruzagiak ez dira izango ba oposizioa baino tontoagoak....

Denen laguntza beharko du Brandtek.

Munduko iritzia bere alde izatea gauza bat da eta estadu barruan borroka irabaztea beste gauza bat.

Borroka hori galduko balu nere iritziz ogei bat urte atzeratzea izango litzake.

Baina politika arazoetan asmatzea zailla da.

Nork daki...

Juan Elustondo.